.
XARETA LURRALDEA
AURKEZPENA
Xareta eskualdea mugaz bi aldeetako lau udalerrik osatzen dute: Zugarramurdi eta Urdazubi Nafarroan, eta Sara eta Ainhoa Lapurdin.
Paperaren gainean mugei buruzko itunek zatiketa marraztu nahi izan bazuten ere, errealitatean muga horiek mendien, belai berdeen, xarmaz beteriko errekastoen, eta pago, haritz eta gaztainondo hostotsuen artean galtzen dira. Ez da harritzekoa, beraz, Xaretaren esanahia “zuhaiztien lurraldea” izatea.
Eskualde horretan murgilduta, paraje magikoak, historiaz, elezaharrez eta arkitektura zainduz beteriko herriak, antzinako merkataritza-bideak, erromesak eta kontrabandistak aurkituko ditugu, mendeetan zehar Xaretako herritarrek izan dituzten harreman estuen lekuko.
Kultura eta hizkuntza bera duten lau herri, Europar Batasunak babesturiko mugaz gaindiko proiektu eta programa bateratuen bitartez beren eskaintza hobetzen lan egiten jarraitzen duten lau herri.
Mendialde lasai eta magiko hau ezin hobea da egun bat edo hainbat egun atsedenean eta aisian emateko, ondare gune eta turismo-baliabide ugariak bisitatzen.
Informazio gehiagorako:

ZUGARRAMURDI
Zugarramurdik lotura zuzena eta estua du sorginen leizearekin, eta horren inguruko gertakari historikoekin.
Horrez gain, Zugarramurdik ondare eraiki garrantzitsua du, eta horren lekuko ditugu herri-arkitektura eta XVII. mende bukaerako noblezia-etxeak. Horiei, antzinako erregimenaren ekoizpen-sistemarekin lotura duten hainbat eraikin gehitu behar zaie: errota eta karobia, hain zuzen ere.
Bideoa handian ikusi.
LEKU INTERESGARRIAK
Jasokundearen eliza
Goialde pribilegiatuan kokatua, Zugarramurdi haren oinetara zabaltzen da. Eliza 1781 eta 1784 bitartean eraiki zuten lehen zegoenaren orube berean, eta Juan Bautista Dutaria jaunaren eta honen emazte Joaquina Bordaren ekarpenari esker. Hala ere, eraikina XIX. mendearen erdialdera berreraiki behar izan zuten, Konbentzioaren Gerran (1793) borrokan ari ziren gudaroste frantziarrek piztutako sutearen ondorioz suntsituta gelditu ondoren. Estilo neoklasikokoa da, barnealdean espazio handikoa. Nabarmentzekoa da, halaber, izkinak eta baoak mugatzen dituzten harlandu gorriak. Gurutze latindarreko oinplanoa du, hiru tarteko nabea eta gurutzadura. Deigarriak ditu barnealdean erretaula ugariak eta jarlekua gorde izana; garai batean, euskal ohiturei jarraituz, herriko familiak bertan ehorzten ziren, eta bertan esertzen ziren mezan.
Eliza
1725ean eraiki zuten, eta bertan bizi zen Urdazubiko San Salbatore monasteriotik etorri eta Zugarramurdin erretore zegoen fraide premontretarra. Fatxadaren bigarren solairuan monasterio horren armarria dago: ilbehera, aginte-makila, eta abadearen kapelua. Armarriak agerian uzten du zenbateko eragina izan zuen ondoko monasterioak, bai Zugarramurdiren sorreran eta garapenean, eta bai eguneroko bizitzan. Izan ere, XII. menderako eliza-erakundeak “Zugarramurdiko baserri-lurraldea osatzen duten 15 etxerekiko” harremana jasotzen duen dokumentazioa dago. Bertako herritarrak libreak dira, baina, hala ere, beren lurrak errentan utzi behar zioten abadeari. Lurren prezioengatik sortutako liskarrak, errotak eta herri-basoak erabiltzeko premiak, edo beraiek bertan justizia kriminal nahiz zibila egitea une garrantzitsuak izan ziren herri honetan, harik eta 1667an hiribildu independente bihurtu zen arte. Urte gutxi batzuk lehenago, abade premontretar Anaia Leon Aranibar izan omen zen Zugarramurdiko herritarren ia erdia Logroñoko auzitegiaren kartzelara eraman zuten gertakari lazgarri haiek eragin zituena.
Dutaria jauregia
Herriko eraikin enblematikoenetako bat, Dutaria familiak eraikia 1857an. Indianoen etxebizitzen antza du, Urdazubi herriko arkitektura zibilean ohikoak. Honek ere harlandu gorriak ditu izkinetan eta balkoietan. Bi armarri barroko, lehen solairuko balkoi zentralaren alde banatan.
Herriko Etxea eta ostatua
XIX. mendekoa da, eta XX. mendearen erdialdera eraberritua izan zen. Garai bateko ostatuan, gaur egun jatetxea dago, eta goiko solairuan Herriko Etxea dago.
Etxenikea etxea
Hau ere herriko plazan. Herri-arkitekturaren adierazle garbia dugu. 1785ean eraikia, ate arku zuzena du, eta balkoi handiak fatxada nagusian. Ateburuan honako idazkuna dago: “Es redificada el año de 1823” (1823. urtean berreraikia).
Dolarea etxea
Harrizko armarria nabarmentzen da fatxadan. Armarrian Gipuzkoako armak daude: Erregea jarrita ezpata altxatuta, hiru altzifre eta hamabi kainoi, herriak ezaugarri duen xake-itxurako marrazkiaz gain.
Arrosarioko Andre Mariaren ermita
Etxe bati atxikirik dago, eta herriko eraikinik aspaldikoenetako bat da, XVI. mendekoa. Beharbada, Zugarramurdi Saratik (Frantzian monumentu erlijioso gehien duen herria) horren hurbil egoteak argi dezake zergatik eraiki zen Arrosarioko Andre Mariari eskainitako otoiztegi txiki hau. Ermita Behitiko Karrikaren hasieran dago. Beharbada, jaiera erlijioso honek iraganeko sineskeriak edo kutsu esoterikoa konjuratu nahi ditu, beste hainbat ohiturekin batera: etxe bakoitzaren atean lizar-adarrez egindako gurutzea paratzea, edo erramu bedeinkatu sorta bat, edo eguzki-lore bat.
Iriartea etxea
Gaur egun landetxe bihurtua, etxe honetan bizi izan zen Maria Iriarte, Graciana Barrenetxearen alaba, “Zugarramurdiko akelarrearen erregina” zela esan zuenarena. Inkisizioak 1609 preso hartu zuen bere amarekin eta ahizparekin batera; hirurak hil ziren Logroñoko kartzeletan. Hori ez zen eragozpena izan 1610ean “gizairudiz” epaituak izateko, eta ondoren haiekiko bakezkoak egiteko.
Barrenetxea etxea
Hemen bizi izan zen Graciana Barrenetxea, 80 urtetik gora zituela “akelarrearen erregina” izateagatik ofizio sainduz epaitua.
Teiletxea etxea
Bereziak dira gorapea eta alde banatan dituen kontrahormak
Casa Etxeberria etxea
Se localiza frente a Casa Barrenetxea y se distingue por su puerta adintelada entre dos ventanas, además en el piso superior cuenta con cuatro vanos entre los que figura un escudo con campo ajedrezado.
Beretxea etxea
Herrigunean 1793ko sutean zutik iraun zuen etxe bakarra da, eta, horrenbestez, antzinakoena. Herri-arkitekturaren eredu ederra da. Hiru solairu eta teilatupea edo atikoa ditu. Azken biek ohiko zurezko egitura dute. Hiru teilatu-hegal ditu, alderik aldeko bi balkoi, eta armarria erdiko bi leihoen artean; armarriak kasketa eta aingeru bat ditu buru, eta azken horren saihetsetan haurrak. Horiez gain ohiko xake-itxurako marrazkia du.
Oieregia etxea
Fatxada asimetrikoa du, eta behe-solairuan gorapea. Lehen solairuko erdialdeko leihoan 1718ko data paratzen du.
Induburua etxea – Sorginen Museoa
Juan Bautista Dutaria zenaren emazte Joaquina Bordak, alargunduta, Santa Catalina de Siena komentu domingotarrean sartu zen. Sor Benita de la Cruz izena hartu zuen erlijiorako. Joaquina Bordak Induburua etxea erosi zuen hamaika mila erreal kuartotan, eta bertan egin zuen aldi berean ospitalea ere izanen zen komentua 1788an. Izan ere, herritarrek halaxe erraten diote eraikinari; ospitalea. 1793ko sutearen ondoren, 1830ean berritu zuten. Ospitalea, komentua, Zugarramurdiko neskendako eskola… Eraikinak hainbat erabilera izan ditu denboran zehar, baita Guardia Zibilaren kuartela ere mugen eta kontrabandoaren garaietan. Gaur egun, udalarena, 2007an inauguratu zen Sorginen Museoa da.
Kontrabandisten bidea
Xaretako txokoen berri izateko, bidexken sare bat dago, seinaleztatua. Bidezidorrek basoak eta belaiak zeharkatzen dituzte, artzainek eta kontrabandistek erabiltzen zituzten bideei jarraituz. Nagusia “Pottok bidea” izenekoa da; 12 kilometro inguru luze dituen bidezidorra, Sarako, Zugarramurdiko eta Urdazubiko leizeak lotzen dituena. Pottoka urdin batek erakusten du bidezidorra nondik nora doan. Arras polita familiek haurrekin egiteko.
ARGAZKI GALERIA
SARA
Euskal esaera zaharrak erraten du “Saran, denbora gelditu egiten dela”. Akaso, herriaren artxibo historikoak Frantziako Iraultzan erre zituztelako, misterioak inguratu egiten du Larrun mendi mitikoaren (905 m) oinetan dagoen herri honen sorrera.
“Frantziako herririk politenetako bat” izendatua, aspalditik erakarri ditu artearekin eta letrekin lotura duten pertsonak. Sarara bisitan etorri edo bertan bizi izan zirenen artean ditugu Napoleon III.a eta haren emazte Eugenia de Montijo enperatriza, Winston Churchill eta Luis Mariano. Hala ere, maitasunez hartzen dira Axular apaiz-idazlea eta euskal etnografo aipagarrien Aita Jose Migel Barandiaran, bertako historia berreskuratzen lan egin zuena.

Sarak bere herrigunearen xarma, erkidego tradizional baten abegikortasuna, eta natur ondarearen balioa gordetzen jakin izan du. Harizti ederraz gozatzeko bidezidorrek, leize mitikoetako multimedia sistemek, eta euskal kostaldearen begiratoki zoragarria den Larrun mendirako funikularrak bisitatu beharreko tokia bihurtzen dute Sara.
LEKU INTERESGARRIAK
Herrigunea
Sarako karrika nagusia monumentu-multzo izendatuta dago, Lapurdiko arkitekturaren edertasunagatik eta ondo baino hobeto zainduta dagoelako. Plazatik abiatuta, pilotalekuaren aitzinez aitzin, herriko etxe arkupeduna, San Martin eliza, eta hainbat eraikin interesgarri daude; horietako aunitzetan herritar ospetsuak aipagai dituzten plakak daude. Bisitariak ostalaritza eta denda-aukera zabala izanen du.
“Lezea” historiaurreko leizea
Sarak arkeologia-ondare garrantzitsua du, bost leizetan banatuta: Lezea, Urio Gaina, Urio Behera, Leize Txiki eta Faardiko Harria; horietatik lehena baino, Lezea hain zuzen ere, ezin da bisitatu. Lauzaz eginiko bide batean barna, bisitariak 900 metroko bidea eginen du, lurpean lehenengo aldiz erabilitako teknologia berriei esker egindako argi eta soinu muntaia bati jarraituz. Bisita horrek hiru zutabe ditu: leizearen eraketa geologikoa, Euskal Herriko sinesmenak, eta Euskal Herriaren jatorria. Historiaurreari buruzko museoak eta parke megalitikoak osatzen duten multzoa. Lehenean, silexezko tresnak, eta leizean aurkitutako gizakien eta animalien hezurdurak daude ikusgai. Leku garrantzitsua hartzen dute Saran denbora luzez bizi izan zen historialari eta etnografo ospetsu Aita Jose Migel Barandiaranek (1889-1991) egindako lanek. Parke megalitikoak Sarako ondare arkeologiko zabalak dituen zenbait monumenturen kopiak ditu: 31 trikuharri, 5 tumulu, 4 harrespil edo mairu-baratze eta 2 iruinarri.
Ortillopitz (S. XVII)
Aparteko etxe hau ohizko baserrietako bat izanik, euskal kultura tradizionalean oinarritzen da. Haritzezko egitura eta harri landuzko pareta zabalak XVIgarren mendekoak dira. Betidanik toki sakratua eta euskal familiarentzat ohoragarria izan da, eta era berean lurra landuko duen tresna konplexua.
Eraikin bakar batean, ganaduarentzat ukuilu zabalak, lastategia, ganbara, dolarea, ogi labea, eskulari-tzarako tokia, beste hainbat lanleku, bizitegiaz gain.
Etxe zabal honetan sutondoak eta sukalde haundiak osatzen zuten bizitzaren muina.
Badirudi, generazioz generazio, beti nortasun azkarraren kontzientzia, tradizio eta ondarea atxikiz, Etxearen historia helarazi nahi izan dutela Ortillopitzen bidez.
Euskal eta kanpotiar etnologo, historialari eta teknikalarien eskuhartzeak, antolatzea, baloratzea eta euskal lekukotasunaren geriza atxikitzen lagundu du.
San Martin eliza
Lapurdiko elizarik ederrenetako bat. XVI. mendean eraiki zuten, eta XVII.ean berreraikia, Pedro Axular apez eta idazlearen garaian. “Guero” liburuaren idazlearen hilobia elizaren barnean dago. Ikusgarria da korua; hiru galeria ditu, eta bortz aldare erretauladunak. Kanpandorrean idazkunak honela dio euskaraz: “Oren guztiek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen”. Eskualdean ohi denez, hilerria elizaren ondoan dago, euskal hilarriz hornitua
Larrungo trena eta San Inazio geltokia:
Larrun mendirako turismo-trena 1923an paratu zen martxan, planak eta lanak eginez hainbat hamarkada eman ondoren. Gaur egun, Frantziako estatuan dauden hiru kremailera-trenetako bat da. Trena martxan jarri zenetik hainbatetan modernizatu da, eta zerbitzu gehiago ematen ditu, baina, antzinakoen itxura eta kutsu berdina du. 350.000 lagunek baino gehiagok erabili dute Larrunera igotzeko, gero bertatik, Larrunek duen behatokitik, Kantauri itsasoa eta Euskal Herriko mendiak ikusteko. Bidaiak 30 minutu irauten du. Hainbat jendek, ordea, nahiago izaten du oinez igo eta/edo jaitsi. Gailurrean mota guztietako zerbitzuak daude, egun atseginaz gozatzeko.
Euskal pastizaren museoa
Antzinako sukaldaritzako tresnek eta lanabesek, kalitateko osagaiek, jatorrizko errezetek eta etxeko gozogintzak bat egiten dute ohiko postre honen lanketaren bitartez bisitariaren dastamena eta usaimena piztuko dituen bisita atseginean.
“Etxola” animalien parkea
Animalien parke horretako bi hektareetan 300 etxe-abere ere aurki daitezke. Batzuk (pottoka errate baterako) bertakoak dira, eta beste batzuk (llama errate baterako) urruneko leku exotikoetakoak dira. Deigarria da ez bakarrik animalien aniztasun geografikoa, baita landa-eremu txiki horretako biztanleen kolore, luma, ilaje… aniztasuna ere.
Olhaldea” zalditegia
“Olhaldea” zalditegiak zaldian paseoak emateko aukera eskaintzen du, baita Xaretaren txoko magikoak aurkitzeko hainbat ekintza ere.
ARGAZKI GALERIA
AINHOA
Herri “bastida” bitxi hau Erdi Aroan eraiki zuten Done Jakueren bideko mugaz gaindiko ardatzetako baten inguruan, eta Urdazubiko monasterioko ordena premontretarraren bikariotza izateko. Hala ere, gaur egungo itxura, Lapurdiko ohiko herri-arkitekturarena (zurezko egitura, gorri edo berdez margotua), XVII. mendekoa da; izan ere, “30 urteko gerran” gertatutako txikizioaren ondoren berreraiki zen. Hiri-tipologia horri eutsi izanari esker, Ainhoa Frantziako herririk politenen zerrendan sartua dago.

Merkataritza-tradizio historikoa gaur egunera arte iraun du bizirik, eta bere dendetan zerbitzu atsegina eta lurraldeko produkturik hoberenak ematen dituzte. Produktu horien kalitateak eta jatetxeen esku onak xede gastronomiko aipagarri bihurtzen dute Ainhoa.
LEKU INTERESGARRIAK
XIV. mendeko eliza eta hilerria
XIII. mendean sortua, lehen solairua XVI. mendean zaharberritu zuten, eta bigarren solairua mende bat geroago. Barnealdeko dekorazioa XIX. mendekoa da. Aipatzekoak dira urre-koloreko erretaula, eta bost mailako dorre karratua.
Hilerriak, elizaren ondoan kokatuak, XVI. eta XVII. mendeetako disko-formako hilarriak ditu, eguzki-motiboekin -lauburuak, errate baterako-, elementu geometrikoekin, edo hildakoen ogibideen aipuekin.
Arantzazuko Andredena Mariaren kapera
Kapera batek Ama Birjina artzain bati agertu zitzaioneko lekua gurtzen du. Erebi mendiaren hegalean, lekuak Ainhoaren eta Xareta ibarraren bista zoragarriak ditu. Kaperaren ondoan Kalbarioa (gurutze-bidearen bukaeran) eta euskal hileta-artearen hainbat gauza ikus daitezke; bertan paratu dira zonaldean diren disko-formako hilarri bitxienetakoen kopiak.
Antzinako ikuztegia
1858ko irailaren 23an, Louis Napoleon Bonaparte (Napoleon III.a) eta Eugenie Enperatriza Alhaxurrutia iturrira jaitsi ziren beren gortearekin, Dantxarineko zubirainoko txangoan indarrak berritzeko.
Ondarearen Etxea
leku horrek hiru interpretazio-baliabide ditu bisitariarentzat: 10 metroko pantaila panoramikoan proiektatzen den 20 minutuko ikus-entzunezkoa, ondarearen galeria, aldi baterako hainbat erakusketa jasotzen dituena, eta zirkuitu pedagogiko bat. Hirurek, elkarrekin, Ainhoaren eta Xareta lurraldearen iraganaren berri ematen digute, hasi jatorri geologikoetatik eta gaur egunera arte.
Dantxarine auzoa
Lapitxuri ibai-mugaren bi aldeetara dago kokatua. Urdazubirena ere bada, eta aspaldiko merkataritza-izaerari eusten dio. Izena Joanes Quirno baleazaleak eman zion; honek, 1701ean Felipe V.arendako egin zuen dantza koroatzera zihoanean.
ARGAZKI GALERIA
URDAZUBI-URDAX
Muga-pasabide garrantzitsuenetako bat da. Urdazubiren jatorriak eta garapenak lotura estua dute San Salbatore Monasterioarekin eta Done Jakueren bidearekin. Herria zeharkatzen duten errekastoek eta zubiek ematen diote izena: ur eta zubi.
Herrian baserriak, etxe xumeak nahiz indianoen etxeak tartekatzen dira. Azken horiek, jauretxeak dira, Ameriketatik aberats bueltatzen ziren haiek eraikiaraziak. Indianoek bultzatu zuten Urdazubi berreraikitzea Frantziako soldaduek 1794an herriari su eman ondoren.
Done Jakueren bidearen merkataritza-jardueraren oinordekoak dira Dantxarineko Bentak; gaur egun bestelako motibazio “materialagoengatik” muga zeharkatzen duten “erromesak” hartzen dituzten dendak eta jatetxeak.

Urdazubi dugu Axularren sorterria, eta Axular funtsezko idazlea euskal literaturan.
Kultur ondare horretaz gain, Urdazubik natur ondare aberatsa du; horren barnean, historiaurreko hondar eta balio geologiko garrantzitsua duten hainbat leize.
LEKU INTERESGARRIAK
Ikaburuko leizea
Ikaburuko leizeak estalaktitez eta estalagmitez josita dauden haitzuloak dira, Urtxume errekastoak zeharkatzen dituenak. Galerietan denborak eta higadurak arroketan sortu dituzten forma bitxiak eta anitzak mirets daitezke. Haietan barna ibiltzeko, eskailerak eta argiztapena dituzte. Gainera, ahots batek leizeen bilakaeraren, mitoen eta abarren berri ematen digu.
San Salbatore monasterioa, IX. mendekoa
XI. mendean sortu zenetik, Monasterio premontretarrak eragin politiko eta sozial garrantzitsua izan zuen lurralde osoan. Horren lekuko ditugu Nafarroako errege-erreginak Urdazubin egindako egonaldiak, edo XVII. mende hasieran monasterioko abadeak sorginkeriaren aurkako prozesuak abiarazten izandako eragina. Berriki, monasterioaren klaustroaren gainaldearen zati bat egokitu da, erlijio-erakunde horren historiaren eta eskualde osoan izan duen garrantziaren berri emanen duen erakusketa-esparru bat paratzeko, baita Done Jakueren bideko Baztango bidearen barnean erromesendako aterpea paratzeko ere. Klaustroan, euskal pintura eta eskultura erakusketa berritzaileak lurralde honetako arte garaikidearen berri ematen digu.
Urdazubiko errota:
Garai bateko irin-errota, argindar sortzailea. Gaur egun zaharberritua eta bisitetarako zabalik dago. Fraideek eraikia, herria zeharkatzen duten uharren aprobetxamenduaren lekukoa da.
Pedro Agerreren (“Axular”) etxea, XVII. mendekoa
Axular baserria euskal prosan izan den idazlerik aberatsenetakoaren, Pedro Agerre Azpilkuetaren, sortetxea da. Urdazubin sortu zen 1556an, eta Saran zendu 1644an. Saran erretore zegoen. Saran idatzi zuen, hain zuzen ere, “Guero, bi partetan partitua eta berecia” liburu ospetsua 1643an. Liburu horri esker lortu zuen predikari handi eta jakintsuaren ospea.
San Esteban ermita
Zugarramurdira sartu baino pixka bat lehenago, Urdazubiko Alkerdi auzoan kokatua da baseliza. Ermita XV. mendekoa da. Barnealdean, San Estebanen taila duen erretaula modernoa du.