“Zugarramurdi 1610” liburuaren aurkezpena
Zugarramurdi 1610 liburuaren aurkezpena egin zen Zugarramurdin
Zugarramurdiko Museoa izan zen Zugarramurdi 1610 liburuaren aurkezpenaren eszenatokia. Mimoz burututako lana da, argazkia eta testua uztartzen dituena, herriaren memoria historikoan sakontzeko.
Ekitaldia Argitxu Aguerre alkateak ireki zuen, eta eskerrak eman zizkien Joseba Urretabizkaia argazkilariari eta Fernando Hualde idazleari liburua egiten jarritako arduragatik. Bere hitzaldian bereziki nabarmendu zuen Zugarramurdiko bizilagunen parte-hartzea, haiek baitira argitalpena osatzen duten irudien benetako protagonistak, baita liburuak bere irakurleei Zugarramurdiko euskara propioa eskain diezaien egindako itzulpen lan handia ere.
Ondoren, Joseba Urretabizkaia argazkilari eta Xibarit argitaletxeko ordezkariak hitz egin zuen, kalitate handiko material grafikoa biltzen duen lana azaltzeko eta inprimatzeko prozesuaren xehetasunak argitzeko. Durangoko Azokaren azken edizioan harrera bikaina izan duten zuri-beltzeko irudien eta formatu zainduaren balioa ere azpimarratu zituen. Era berean, eskerrak eman zituen bai Museoak bai Lezeak erreportaje fotografikoa egiteko emandako erraztasunengatik, baita zugarramurdiarrek proposatutako jantzi eta kokapenetan argazkiak ateratzeko izan zuten prestasunagatik ere.
Azkenik, Fernando Hualdek hartu zuen hitza proiektuaren sorrera testuinguruan kokatzeko eta XVII. mendearen hasieran Zugarramurdin, Nafarroako iparraldean eta Lapurdin gertatutakoei buruzko mintzaldia emateko. Bertaratutakoek arreta handiz entzun zuten kontakizun honek, ezaguna izan arren, tokiko historiari buruzko ezagutza zabaltzen duten datu berriak eman zituen, oraindik ere harrigarriak diruditen xehetasunekin.
Bereziki hunkigarria izan zen bere hitzaldiaren zati bat, Sorginen Museoaren hastapenarekin izan zuen loturan oinarritua. Hualdek kultur ekipamendu horren lehen urratsak ekarri zituen gogora, eta Jesus Aguerre orduko alkatearekin, Ainhoa Aguirre zuzendariarekin, Koro Irazokirekin eta zugarramurdiarrekin elkarlanean aritu zeneko oroitzapenak partekatu zituen. Izan ere,
zugarramurdiarrek hasieratik sentitu zuten Museoa bertako ondare inmaterial baliotsua babesteko gune gisa eta baita topaleku gisa ere. Ausardia, zorroztasuna, pertseberantzia eta motibazioa nabarmendu zituen hasierako etapa hura posible egin zuten ezaugarrien artean. Bere hitzek oroitzapen ugari ekarri zituen gogora, erraterako, Fitur 2008an lehen Akelarrea antzeztu zenekoa.
Hitzaldien eta galderen txanda labur baten ondoren, liburuaren aleak salgai jarri ziren eta aperitifa eskeini zen bertaratutakoen arteko elkarrizketak giro hurbil eta parte-hartzailean luzatzeko.





