NUPek aztergai izan du nola igaro den sorginaren figura historikoki baztertua izatetik kultur eta lurralde irakurketa berrien jomuga izatera
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) tailer bat egin du, “Sorgin historikotik berrasmatura” izenekoa, eta agerian utzi du beharrezkoa dela sorginaren inguruan eraikitako estereotipoak kritikoki berrikustea. Topaketak aztergai izan du Aro Modernoan sorginkeriagatiko jazarpenen errealitate historikoaren, ondorengo mitoen eta literaturan, arteetan eta interpretazio kulturaleko zentroetan gaur egun dauden berrinterpretazioen arteko distantzia. Jardunaldia UNITA unibertsitateen europar aliantzaren ikerketa proiektu baten barnean dago, eta nabarmendu du erreferentzia hori historikoki bazterketarekin eta diferentziarekin lotuta egon arren, landa lurraldeen nortasunarekin, naturarekiko harremanarekin eta jakintza tradizionalen berreskurapenarekin lotutako esanahi berriak hartu dituela. Jarduerak UNITA aliantza europarreko zenbait unibertsitatetako ikertzaileak eta Nafarroako Pirinioetako kultur eragileak bildu ditu.
Topaketak diziplinarteko ikuspegi batetik aztertu du sorgina, eta “Witches: From Marginalization to Reconciliation and Cohesion (ReCo). Crossroads between Social History, Literature, Arts, and Environment” proiektuaren barruan dago (Sorginak: marjinaziotik adiskidetzera eta kohesiora. Historia sozialaren, literaturaren, arteen eta ingurumenaren arteko gurutzaketak). UNITA Starting Grant baten bidez finantzatu da proiektua (zenbait unibertsitate bazkidetako taldeen artean ikerketa-proiektu bateratuak bultzatzeko laguntza). Ekimen horretan, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateek eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitateak (Frantzia), Turingo Unibertsitateak (Italia) eta NUPek (I-COMMUNITAS Institutuaren bidez) parte hartzen dute.
Estereotipo historikoetatik gaur egungo berrinterpretazioetara
Jardunaldiaren ardatz nagusietako bat sorginkeriaz akusatutako emakumeen errealitate historikoaren eta ondoren haien inguruan eraiki diren irudien arteko distantzia izan da. Hitzaldiei esker, zenbait kontakizun herrikoi, literario eta zinematografikok sorginari buruzko estereotipoak finkatzen nola lagundu duten aztertu da.
Topaketak figura horren irudikapen berri garaikideak ere aztertu ditu. Alde horretatik, agerian geratu da sorgina jazarpenarekin eta marjinalitatearekin lotutako leku bat izatetik, egungo kultura-diskurtso jakin batzuetan, desberdintasunarekin, autonomiarekin, ingurune naturalarekiko harremanarekin eta landa-komunitateen nortasunarekin lotutako sinbolo izatera igaro dela.
Beste alderdi nabarmenetako bat ikerketa akademikoaren eta lurraldearen arteko lotura izan da. Pirinioetako kultur eragileen parte-hartzeari esker, sorginaren figurak museoetan, herri ospakizunetan, turismo ekimenetan eta tokiko ondarearekin lotutako proiektuetan nola jarraitzen duen aztertu da. Begirada horri esker, azterketa historikoa kultura transmititzeko egungo moduekin lotu da.
Ponentzia akademikoak eta kultur eragileen ekarpenak
Amaia Nausia Pimoulier NUPeko irakasleak antolatu du tailerra, eta hitzaldi akademikoak eta Nafarroako Pirinioetako kultur eragileen ekarpenak uztartu ditu, sorginei buruzko estereotipoek XV. mendearen amaieratik gaur egungo berrinterpretazioetara arte izan duten bilakaera aztertzeko. Lehen zatian, Irati Zurbano Zuazuk (NUP) Aro Modernoko euskal sorginaren estereotipoak jorratu ditu; Jean-Yves Champeleyk (Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea) estereotipo horiek berak jorratu ditu XVII. eta XVIII. mendeen arteko Savoiako sorginen kasuan; eta Alaia Davantek (Turingo Unibertsitatea) eta Juliette Guyk (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea) aztergai izan dute Pierre de Lancrek (sorginkeria-prozesuekin lotutako XVII. mendeko epaile frantsesa) figura horren eraikuntza kulturalean literaturan eta zineman izan duen eragina.
Bigarren zatia sorginkeriaren ondare- eta lurralde-alderdian zentratu da. Ainhoa Aguirre Lasa Zugarramurdiko Sorginen Museoko zuzendariak museo-gune honen lana aurkeztu du, eta Pirinioetako kultur eragileekin egindako mahai-inguru batek sorginaren irudia hainbat ikuspuntutatik aztertzeko aukera eman du. Honako hauek parte hartu dute: Silvia Erlanz Roda, Gentiana-Servicios Ambientales erakundeko biologoa Pirinioetan; Unai Irigarai Osés, Aurizko alkatea; Ana Lizarraga Dallo, turismoan aditua; eta Gotzon Pérez Artuch, historialari lokala.
Sorginen berpizte garaikidea
ReCo proiektuak aztergai du sorginak literaturan, arteetan eta kultur interpretazioko zentroetan izan duen berpizte garaikidea. Tradizionalki, mito, kondaira eta jazarpen historikoekin lotuta egon da sorgina, eta, gaur egun, aldarrikapen feministekin, naturarekiko adiskidetzearekin, gizarte kohesioarekin, landa lurraldeen balorizazioarekin eta jakintza tradizionalen berreskurapenarekin lotutako ikur gisa berreskuratu da.
Ekimenak bi prozesu osagarri aztertu ditu. Alde batetik, estereotipo historikoak desegitea, desberdintasunarekin, autonomiarekin eta ezagutza tradizionalen transmisioarekin lotutako emakumeak baztertu zituztenak. Bestetik, historiografian, literaturan, ikusizko arteetan eta kultur ekimenetan dauden iruditeria berriak sortzea.
Proiektuaren helburua da, halaber, errealitate historikoa eta mito eta manipulazio ideologikoak bereiztea, sorginkeriari buruzko azterlan historikoen bilakaera aztertzea eta sorginkeria beren jardueraren ardatz duten interpretazio-zentroen zeregina aztertzea.
NUPen egindako tailerrak jarraipena eman dio urte honen hasieran Turingo Unibertsitatean eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean egindako aurreko topaketetan hasitako lanari.
UNITA – Universitas Montium
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun hamabi unibertsitatek osatzen dute: eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko komunitatea da irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean.
Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua – HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).
Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.
2026/06/19an www.unavarra.es webgunean argitaratutako albistea.



