PATRIM 4.0 proiektuak mugaz gaindiko hiru urteko lankidetza amaitu du, Pirinioetako ondarean hobekuntza garrantzitsuak sustatuz
Zugarramurdiko Garapena SLk, Zugarramurdiko Sorginen Museoa kudeatzen duen sozietateak, modu aktiboan parte hartu du Europako proiektu honetan. Lankidetza horren emaitza izan dira Museoaren zerbitzuak eta ekipamenduak hobetzeko hainbat jarduera.
PATRIM 4.0 – Kultur Ondarea Berritzeko eta Sormenez Kudeatzeko Pirinioetako Sarea Europako proiektuak amaitu du bere ibilbidea, hiru urtez lanean eta lankidetzan aritu ondoren. Mugaz gaindiko ekimen honetan Aragoi, Katalunia, Nafarroa, Euskadi eta Frantziako 14 erakundek hartu dute parte. Ayerbeko Udalak gidatutako proiektuak 1.364.662 euroko aurrekontua izan du, eta Europar Batasunak % 65ean finantzatu du, Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez.
Proiektuaren helburu nagusia Pirinioetako kultura- eta natura-ondarea kudeatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko modu berriak sustatzea izan da, arreta berezia eskainiz turismo- eta merkataritza-zirkuitu handietatik kanpo dauden kultur espazio eta ekipamenduei. Horretarako, berrikuntzarekin, digitalizazioarekin, jasangarritasunarekin, irisgarritasunarekin eta inklusioarekin lotutako ekimenak garatu dira, baita parte hartu duten erakundeen arteko ezagutza eta jardunbide egokien trukea ere.
Testuinguru horretan, Zugarramurdiko Garapena SLk modu aktiboan parte hartu du proiektuaren garapenean. Lankidetza horri esker, Sorginen Museoaren zerbitzuak eta ekipamenduak hobetzeko hainbat jarduera bultzatu ahal izan dira. Horrela, baliabideak modernizatzen, bisitarien esperientzia hobetzen eta kultur kudeaketako eredu berritzaileago eta jasangarriago baterantz aurrera egiten lagundu da.
Esku-hartze materialez gain, PATRIM 4.0 proiektuan parte hartzea aukera paregabea izan da Pirinioetako beste kultur ekipamendu batzuekin esperientziak partekatzeko, lan-tresna berriak ezagutzeko eta antzeko erronkei aurre egiten dieten erakundeekin elkarlanerako harremanak sortzeko. Ezagutza-trukea eta kultur zentro txikien arteko lankidetza dira, hain zuzen ere, ekimen honen balio nagusietako bi.
Proiektuaren emaitza bateratuen artean nabarmentzekoak dira, halaber, tresna digital partekatuak, Museo birtual, jardunbide egokien eskuliburu bateratua, bai eta sorkuntza artistikoarekin, jakintzen transmisioarekin, dibulgazioarekin eta ondare materialaren zein immaterialaren balioespenarekin lotutako hainbat jarduera ere.
Elkarlanerako sare batek aurrera jarraitzen du
PATRIM 4.0 Europako proiektu gisa amaitzen den arren, 2008an sortutako PATRIM Sareak lanean jarraitzen du, lurraldeak eta erakundeak elkartzeko borondateari eutsiz. Bazkideek lankidetzari jarraipena emateko, ekimen bateratu berriak sustatzeko eta Pirinioetako ondarearen kontserbazioaren, hedapenaren eta kudeaketa jasangarriaren alde lanean jarraitzeko interesa partekatzen dute.
Hiru urte hauetako esperientziak agerian utzi du sarean lan egiteak duen garrantzia, bereziki kultur ekipamendu txikientzat. Lankidetzak baliabideak partekatzeko, ezagutza berriak eskuratzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko aukera eskaintzen du.







