Zugarramurdiko Garapena Navarrefa 2026 jardunaldian izango da
Nafarroako Gobernuak antolatutako topaketa azaroaren 16an egingo da Iruñean, eta POCTEFA 2021-2027 programako mugaz gaindiko lankidetza-proiektuetan parte hartzen duten erakundeak bilduko ditu.
Zugarramurdiko Garapenak Navarrefa 2026 jardunaldian parte hartuko du datorren azaroaren 16an. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldia Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian egingo da, eta POCTEFA 2021-2027 programa europarraren esparruan garatutako Nafarroako proiektuak ezagutaraztea eta aurkeztea du helburu.
Erakundeak PATRIM 4.0 proiektuko bazkide gisa hartuko du parte jardunaldian. Mugaz gaindiko lankidetza-ekimen horren helburua da kultura-ondarea balioan jartzea eta zabaltzea, tresna eta baliabide digital berrien bidez.
«Mugarik gabeko lankidetza, etorkizun partekatu baterako» lelopean, Navarrefa 2026k POCTEFA proiektuetan parte hartzen duten erakundeak bilduko ditu, beren ekimenen berri emateko, esperientziak partekatzeko eta lurraldeen arteko lankidetzaren emaitzak ezagutarazteko.
Egitarauak proiektuen erakusketa, aurkezpen laburrak (pitching), elkarrizketa-mahaiak eta parte hartzen duten erakundeen arteko harremanetarako guneak jasotzen ditu. Horrela, mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan garatutako ekimenak ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Zugarramurdiko Garapena jardunaldian egoteak aukera emango du PATRIM 4.0 proiektuaren baitan egindako lana ezagutarazteko eta Pirinioen bi aldeetako erakundeen arteko lankidetza balioan jartzeko.

