Sendero de la Pottoka azul - Historia

XV. Lezeen egunerako Zugarramurdiko proposamenak

Lezeen egunerako Zugarramurdiko proposamenak

Zugarramurdiko mendebaldean, herrigunetik kilometro erdi baina gutxiagora, azaleko egitura karstiko ikusgarri bat aurkitu dezakegu: «Sorginen Lezea». Kobazulo nagusiena «Infernuko erreka»k, gaur egun emaritsu jarraitzen duen urlasterrak sortua da. Tunel natural honen goiko aldean, kobazulo nagusiak duen orientazio bereko bi galeri ttiki ere bisita daitezke.

Sorginen Lezearen izena bertako kobazuloetan antzinan egiten ziren ospakizun paganoengandik heldu da; Izan ere, 1608 eta 1614 bitarteko Inkisizio Prozesuan, Zugarramurdin gauzatzen ziren bilkurak sorgin sekta bat bazegoela frogatzeko aurkeztu ziren.

Aurten “Abentura Mitologikoa Zugarramurdin” eskeiniko dugu: bertaratzen diren haurrei egun batez sorgin bihurtzeko proposatuko diegu eta Zugarramurdiko bizilagunei uzta hondatuko dieten ekaitzak uxatzen laguntzeko eskatu. Jarduera amaitzeko eta sari bat lortzeko, lurralde hauek babesten dituzten izaki mitologikoak eta gogoko dituzten objektuak aurkitu beharko dituzte. Erran beharra dago Basajaun, Tartalo eta gainontzeko izakiak bihurri samarrak direla eta Lezean ezkutatu direla, baina ez dago kezkatu beharrik, hauek aurkitzeko mapa baten laguntza izanen dute eta.

6-10 urte bitarteko umeei zuzendutako proposamen didaktiko-ludikoa da, eta herri-sinesmenak etxeko txikienei hurbiltzea du helburu. Ondare kulturalaren ezagutza eta bizi garen ingurunea babesteko beharra uztartzen ditu ilustrazio, mezu, pista eta frogen bidez. “Zuen lurrak maitasunez eta errespetuz zaintzen badituzue, haiek zuek zainduko zaituztete” erranez bukatzen da jarduera, bizi garen espazioen iraunkortasunari begira, batez ere landa eremuetan.

Martxoaren 16an hitzordua 12:00etan eta 16:00etan izanen da, ordu eta laurdeneko iraupenarekin. Jarduera elebitan eginen da, euskara-gazteleraz eta Lezeko sarrera ticketaren barne dagoen arren aforo kontuagatik beharrezkoa da erreserba aldez aurretik e-mailez egitea: zugarramurdikolezea@gmail.com.

Halaber, Montes Solidarios elkarteak egin duen dokumental bateratua ere aurkeztuko da Zugarramurdin, “Escuchando el silencio”. Montes Solidarios elkarteak urteak daramatza mendiko jarduerak sustatzen eta antolatzen, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonek mendi-ibilbideez goza dezaten. Eta orain lurpeko altxor naturalez gozatzen ere laguntzen du. Ikusentzunezko hau Sorginen Museoan emango da martxoaren 16an 10,30etan.