Sendero de la Pottoka azul - Historia

Zugarramurdik irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustua egin du bere Lezean, 600.000 eurotik gorako inbertsioarekin

Zugarramurdik irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustua egin du bere Lezean, 600.000 eurotik gorako inbertsioarekin

Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan kokatutako proiektu honek Nafarroako bigarren baliabide turistiko bisitatuena egokitu du, “guztientzako turismoa” bermatzeko eta ingurune naturala babesteko.

ZUGARRAMURDI, 2026ko maiatzaren 7a – Zugarramurdiko Udalak bere Leze enblematikoaren irisgarritasuna hobetzeko eta egokitzeko irismen handiko proiektua sustatu du. Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako jarduketa honek, udalerria erreferente bihurtu du turismo inklusibo eta jasangarrian, Xareta eskualdearen eta Baztan-Bidasoa lurraldearen barruan.

Egokitze-lanen laburpena

Lanak Lezeko ibilbideak eta espazioak egokitzean datzate, mugikortasun murriztua duten pertsonei eta premia espezifikoak dituzten beste kolektibo batzuei sarbidea eta baliabideaz gozatzea errazten dieten soluzioak txertatuz. Halaber, segurtasuna, seinaleztapena eta ingurunearen egokitzapen orokorra hobetu dira, uneoro enklabearen natura- eta ondare-balioak errespetatuz.

Hobekuntza hauek udalerriaren eta Baztan-Bidasoa lurraldearen garapen turistikorako estrategia zabalago bati erantzuten diote, eskaintza dibertsifikatzen, bisitarien esperientziaren kalitatea hobetzen eta turismoaren desestazionalizazioa gainditzen lagunduz. Gainera, Zugarramurdik irisgarritasun unibertsalarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartzen du.

Proiektuak Helmugako Kohesio Jardueretatik (ACD) datozen 500.000 euroko laguntza (BEZa barne) jaso du, eta guztira 605.685,44 euroko inbertsioa eragin du. Oro har, jarduketa honek aurrerapauso garrantzitsua dakar espazioaren erabilera ordenatuagoa bultzatuz, jarduera ekonomikoa sustatuz eta herriari biztanleria finkatzeko aukerak emanez.

Lortutako helburuak

Egokitze-lanei esker, Zugarramurdiko Lezearen erabilera turistikoaren kudeaketa nabarmen hobetu da, bisitari kopuru handiak eragiten duen presioaren aurrean babesa indartuz. Jarduketak aurretik egindako azterlan geologikoetan eta karga-ahalmeneko azterlanetan oinarrituta diseinatu eta gauzatu dira; horri esker, ibilbideak eta espazioak enklabearen kontserbazio-baldintza errealetara egokitu dira.

Ildo horretan, bisitari-fluxuak ordenatzea eta bideratzea lortu da, eremu delikatuenetan eragin zuzenak murriztuz eta lezearen natura- eta ondare-balioak epe luzera babestuz.

Paraleloki, baliabidearen irisgarritasuna hobetu da, erabilera inklusiboagoa ahalbidetuz haren osotasuna arriskuan jarri gabe, eta balioztatze turistikoaren eta kontserbazioaren arteko oreka bermatuz. Era berean, proiektuak helmugaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna indartu ditu, baliabidearen kudeaketa irizpide tekniko eta ingurumen-irizpideekin lerrokatuz, eta bisita-esperientzia hobetzearekin batera gunea babesten duen turismo-eredu arduratsua sendotuz.

Funtsezko jarduketak: Irisgarritasunaren eta ondarearen arteko bizikidetza

Lanak egungo ibilbidea hobetzera bideratu dira, lezearen orografia naturalera egokituz. Interbentzio aipagarrienak hauek dira:

  • Bidezidorrak egokitzea: Lurzoruaren gainean bermatutako trazadura gehiena zolatu da eta lezearen barnealdean ibilbide irisgarriak gauzatu dira.
  • Oztopoak kentzea: Antzinako zubiak edo arroka gaineko tarteak ordezkatzen dituzten pasabide berriak instalatu dira, “Leze nagusira” eta “Akelarreko lezera” sarbidea erraztuz.
  • Zerbitzu-azpiegiturak: Sarrerako txarteldegia hobetu da, komun guztiz irisgarriak eta laguntza-sistema espezifikoak gehituz.
  • Ingurunea egokitzea: Zoladurak eta drainatzeak hobetu dira, eta gune jakin batzuk egonkortu dira.

Epe luzerari begira

Ekainean lanak amaitu ondoren, aurreikusitako adierazleak bildu eta aztertuko dira, puntu batzuk zehaztasun handiagoz kuantifikatu ahal izateko: baliabidearen erabilera, bisita-esperientziaren hobekuntza eta ingurunearen gaineko inpaktuen murrizketa.

Zugarramurdiko Lezea 2025ean baino irisgarriagoa da gaur egun, baina oraindik badago zeregina norabide horretan. Hori dela eta, proiektu hau egitasmo irekitzat hartzen da, etengabe garatzen ari dena. Pixkanaka inplementatzen joanen da hurrengo faseetan egungo ibilbideekin lotzeko aukera emanenez, etengabeko hobekuntza-dinamika baten barruan.

logos_accesibilidad_cueva