Zugarramurdiko paisaia ez da sorginkeria
Kobazuloen XIV. Egunean, aurten Zugarramurdin, haitzuloko galerien jatorria eta bilakaera ezagutarazi nahi izan dugu, ikerketari esker, hain ezohiko formazioaren zergatia ezagutzeko.
Hala, Zugarramurdiko lezeko geologia, hidrogeologikoak sakon aztertu ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Prozesu (UPV/EHU) egindako lana aurkeztu zen.
Hasiera batean, hogeita hamar bat lagunen aurrean, Arantza Aranburu geologoak eta HGI taldeko kideek solasaldia eskaini zuten Museoan. “Zugarramurdiko paisaia ez da sorginkeria” izenburupean, gaur egun ezagutzen dugun konplexu karstiko ikaragarria osatu duten faktore guztiak azaldu ziren giro partehartzailean.
Eguerdian, teoriatik praktikara igaro ginen geologo-taldearen eskutik puntu interesgarrienak bertatik bertara bisitatuz. Zugarramurdiko bizilagunak harrituta geratu ziren aurkikuntza batzuengatik, hala nola Uraundi ibaiak ez zuela haitzuloa zizelkatu, Ainaratik zetorren erreka batek baizik, duela 50.000 urte Atxuria mendiko zati bat erorita preso geratu zena. Harrapatutako ura, urteek aurrera egin ahala, barrunbea zizelkatzen joan zen, Lezapeko belardian egindako 5 metroko zundaketa batek erakusten duen bezala, non presa haren eta errekastoaren aztarnak aurkitu dituzten.
Era berean, bisita gidatuan hagitz ongi identifikatu zen bere garaian Atxurian eroritako lurraren zati bat: Lekuberriko-bordan dagoen zelaia da.






