Ondarezain elkartearen VIII. Topaketa Petilla Aragoien
Ondarezain elkartea 2017an sortu zen Nafarroako museoen, bilduma museografiko iraunkorren eta beste erakustoki publiko batzuen sektorea batzeko beharretik.
Gaur egun, kultura-ondarearen arloko 30 profesional inguru biltzen ditu, zeinak beharrak partekatzeko lekua eta erakundeekin lankidetzan aritzeko gunea aurkitzen duten foro honetan.
Urtero topaketa bat egiten da, eta 2024an VIII. Ondarezain Topaketa urriaren 21ean egin zen Petilla Aragoi herrian.
2023an hasitako lan-ildoarekin jarraituz, elkarteak bere VIII. Topaketa Foru Komunitateko herri periferiko batean antolatzea erabaki zuen, funtsezko bi helbururekin:
- Elkartea lurraldera hurbiltzea eta batzeko interesa izaten ahal duten sektoreko pertsonen artean ezagutaraztea (profesionalak eta boluntarioak);
- Elkartekideentzat inspirazio-iturri izan daitezkeen ondare-kudeaketako jardunbide egokiak ematen diren guneak ezagutzea.
Aurreko urteetan bezala, Zuzendaritza Batzordeak elkartekideen intereseko gaiak eta elkartekide diren profesionalen artean sinergiak eta aliantzak sortzeko gaiak lantzeko baliatzen du urteroko Topaketa honen esparrua.
Jardunaldi horretan Ramón y Cajalen Sortetxea bisitatu zen, baita Medikuntzako Nobel Saridunaren bizitzarekin lotutako bilduma garrantzitsu bat gordetzen duen espazio musealizatua ere.
Oraingo honetan, ongietorria eta ponentzia nagusia herriko alkate Florentino Aguasek eskaini zituen, bi teknikarirekin batera: Amaya Flores, UGET Pirinio Aurreko eta Zangozako Eskualdeko Turismo Dinamizatzaile gisa, eta Maria José Valiño, Zangozako Eskualdeko Enplegu eta Garapen Eragile gisa; biek Cederna Garalurren egiten dute lan, eta herriarentzat abian jartzen ari diren hedapen, kudeaketa eta garapen proiektuen xehetasunak eman zituzten, "Nobelaren Hiribilduak" proiektua eta Ramon y Cajalen beka berriak nabarmenduz.
Solasaldi baten ondoren, herriko hirigunea eta behatoki astronomikoaren etorkizuneko espazioa bisitatu ziren, baita antzinako gotorlekuen aztarnak eta San Millan Abadearen parrokia-eliza ere.
Zugarramurditik, Sorginen Museoko zuzendariak, aurreko edizioetan bezala, Nafarroako beste museo-zentro batzuetako ordezkariekin ezagutza trukatzeko foro interesgarri honetan parte hartu zuen.
Informazio gehiago: www.ondarezain.com



